Oinarrizko gaitasunak curriculumean sartzeak bide ematen digu ezinbestekotzat hartzen diren ikaskuntzak azpimarratzeko, ikasitakoa aplikatzera bideratutako planteamendu integratzaile batetik abiatuta. Horregatik dira oinarrizkoak.
Derrigorrezko irakaskuntza bukatzean gazte batek eskuratuak izan behar dituen gaitasunak dira, bere burua gauzatu, herritar aktiboa izan, helduaroan modu egokian sartu eta bizitza osoan zehar ikasten segitzeko bidea ematen diotenak.
DBHn oinarrizko gaitasunak lortzeko, curriculumeko arloetan eta irakasgaietan egindako lanari garapenerako beharrezkoak diren antolamenduaren eta funtzionaltasunaren esparruetako neurri batzuk erantsi behar zaizkio.
Beraz, ikastetxeen eta ikasgelen antolaketa eta funtzionamendua, ikasleen parte-hartzea, barne arauak, metodologia eta baliabide didaktiko batzuen erabilera edo eskolako liburutegiaren eraketa, antolaketa eta funtzionamendua eta beste elementu batzuk lagungarri edo oztopo izan daitezke komunikazioari, inguru fisikoaren azterketari, sormenari, elkarbizitzari eta herritartasunari nahiz alfabetatze digitalari lotutako gaitasunak garatzeko
Orobat, tutore-jardun etengabea funtsezko laguntza izan daiteke ikasketen erregulazioari, garapen emozionalari edo trebetasun sozialei dagozkien gaitasunak garatzeko. Azkenik, jarduera osagarriak eta eskola kanpokoak planifikatuz gero, oinarrizko gaitasun guztien garapena bultzatzen ahal da.
Europar Batasunak egindako proposamenaren esparruan, eta azaldu diren gorabeherei jarraikiz, oinarrizko zortzi gaitasun hauek ezarri dira:
1. Hizkuntza bidez komunikatzeko gaitasuna.
2. Matematikarako gaitasuna.
3. Mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna.
4. Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala.
5. Gaitasun soziala eta herritartasuna.
6. Arte eta kultur gaitasuna.
7. Ikasten ikasteko gaitasuna.
8. Autonomia eta ekimen pertsonala.