22 - 11 - 2024

Lehen Hezkuntzaren Helburuak


 
1.- Arduraz bizitzen ikastea:

a) Giza gorputzaren eta sexualitatearen funtzionamenduaren alderdi guztiak ezagutzea, ulertzea eta onartzea, eta norberaren eta gainerako pertsonen gorputzarekin lotutako ekintza eta erabaki pertsonalek norberaren eta giza taldeen osasunean dituzten ondorioez jabetzea. Gorputza zaintzeak eta osasuntsu mantentzeak, ariketa fisikoa egiteak eta elikadura orekatu bat eramateak bizitza pertsonalari eta sozialari dakarzkion onurak garatzea, finkatzea eta balioestea.

b) Ingurune naturala balioestea eta hura arduraz gozatzea. Izadiaren funtzionamenduaren oinarrizko mekanismoak aztertzea, giza jarduerek izadian duten eragina ulertzea, eta hura babesten, zaintzen eta hobetzen laguntzea, gizakien eta gizakien hurbileko animalien bizi-kalitatearen nolakotasuna baldintzatzen duen elementua den aldetik.

c) Kosmoseko eta lurreko partaidetzat identifikatzea eta izaki bizidun eta giza espeziearen kidetzat hartzea nork bere burua. Horren xedea da norberaren izaera eta gizaki guztien izaera komuna ulertzea eta ekosistema osasungarri bati eusteko ardura hartzea.

2.- Ikasten eta pentsatzen ikastea:

a) Modu koherentean eta kritikoan pentsatzen ikastea, eta ohiturak hartzea diziplina, esfortzua, erantzukizuna eta lan eta ikasketa indibidualerako eta taldekakorako teknikak lantzeko, hala, ikasketarekin lotutako eginkizunak eraginkortasunez egiteko eta norberaren garapenerako bitartekoak eskuratzeko. Horrek guztiak bultzatu egin behar du nork bere buruan konfiantza izatea eta ikaslearen sen kritikoa, ekimena, jakin-mina, interesa eta sormena.

b) Problema zientifikoak eta matematikoak identifikatzea, planteatzea eta ebaztea, kalkulu-eragiketez, geometriari buruzko jakintzaz eta zenbatespenez baliatuta, eta azken horiek eguneroko bizitzan aplikatzeko gai izatea. Problemak sormenez eta autonomiaz ebazteko, eskura dituen jakintzak eta baliabide materialak erabili behar ditu ikasleak; esaterako, beste pertsona batzuen lankidetza edo laguntza.

c) Zientziaren eta teknologiaren garapena, aplikazioak eta haiek ingurune fisikoan eta sozialean zer eragin duten jakitea eta balioestea. Zenbait diziplinatan egituratutako jakintza integratutzat hartu behar dute ikasleek jakintza zientifikoa, eta metodo zientifikoak aplikatu eta baliabide teknologikoak erabili behar dituzte, jakintzaren eta esperientziaren eremuetako problemak identifikatzeko eta ebazteko.

3.- Komunikatzen ikastea:

a) Zuzen, egoki, autonomiaz eta sormenez ulertzea eta adieraztea euskarazko eta gaztelaniazko ahozko eta idatzizko testuak eta mezuak, eta horiek erabiltzea komunikatzeko, norberaren pentsamenduak antolatzeko, errealitatea interpretatzeko eta hitz egiteko bete behar diren prozesuei buruzko gogoeta egiteko. Literatura irakurtzeari, lantzeari eta aztertzeari ekitea.

b) Zuzen, egoki eta oinarrizko autonomiaz ulertzea eta adieraztea atzerri-hizkuntza bateko edo gehiagoko ahozko eta idatzizko testuak eta mezuak, eta horiek erabiltzea komunikatzeko, norberaren pentsamenduak antolatzeko, eta hitz egiteko bete behar diren prozesuei buruzko gogoeta egiteko.

c) Ikaslearen bizi-inguruneko errealitate soziolinguistikoa ikuspegi kritikoz interpretatzea, eta hizkuntzak sortzeko eta garatzeko eta hizkuntzen arteko harremanak finkatzeko faktoreak zein diren jakitea. Hizkuntzen aniztasuna errespetatzea eta aniztasun hori herrien eta gizabanakoen aberastasun eta eskubidetzat hartzea, interesa eta errespetuzko jarrerak izateko eskubide horren erabilerarekiko eta hizkuntza-normalizazioko prozesuekiko.

d) Informazioko teknologiak eta komunikabideak erabiltzea ikasteko eta jakintza berriak eskuratzeko prozesuan, betiere, hartutako eta sortutako mezuekiko ikuspegi kritikoa izanda.

e) Arte-sorkuntza ulertzea, ezagutzea eta balioestea; arte-hizkuntzaren mezu zuzenak eta iradokitakoak identifikatzea eta ikuspegi kritikoz aztertzea; eta arteadierazpenez eta -obrez gozatzeko ahalmena, sentikortasun estetikoa eta sormena garatzea, eta arte-hizkuntzak erabiltzea gauzak adierazteko eta komunikatzeko.

f) Hitzezko hizkuntza eta arte-, matematika- eta zientzia-hizkuntzak interpretatzea eta modu aktiboan eta kritikoan erabiltzea, komunikazio-ekintza zehatzak egiteko, azalpenak eta arrazoiak emateko, eta norberaren, gizartearen eta izadiaren errealitatea egoki irudikatzeko.

4.- Elkarrekin bizitzen ikastea:

a) Talde-jarduerak planifikatzen eta egiten laguntzea, eta, berariaz, bizikidetza-arauak eta demokratikoki ezartzen diren gainerako arauak ezagutzea eta betetzea, norberaren helburuak eta interesak taldeko gainerako kideenekin uztartuz, norberarenak ez diren ikuspegiak errespetatuz, elkarrizketa landuz eta norberari dagozkion ardurak hartuz. Hori guztia giza eskubideak errespetatuz egin behar dute ikasleek, herritar aktiboa izateko prestatuz.

b) Auziak prebenitzeko eta haiek modu baketsuan konpontzeko trebetasunak eskuratzea; esaterako, entzute aktiboa, enpatia, asertibitatea, emozioen erregulazioa eta kontrola, eta negoziazioa eta bitartekaritza. Horien xedea ikasleak lankide-giroko testuinguru batean bizitzea da, hala nola eskolan, familian, etxean eta ikasleak bizikide dituen gizarte-taldeetan.

c) Ikasleak arduraz onartzea bere betebeharrak eta zer eskubide dituen jakitea eta horiek erabiltzea, gainerako pertsonak errespetatuz. Ez onartzea jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik eta bestelako ezaugarri indibidual edo sozialengatik egiten diren diskriminazioak. Tolerantea izatea eta lankidetzaeta elkartasun-jarrerak izatea pertsonekiko eta taldeekiko.

d) Gizarteko arauak eta ohiturak betetzea pertsonekin harremanak izatean eta gizarte-jardueretan parte hartzean; besteak beste, bide-hezkuntzako arauak eta nork bere burua babesteko hezkuntzari dagozkionak. Errespetuzko jarrerak izatea, trafiko-istripuak eta bestelako istripuak prebenitzeko.

e) Sexuen arteko diferentziak eta pertsona guztien arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna balioestea eta errespetatzea, eta, horrekin batera, gizonak nahiz emakumeak diskriminatzea eragin dezaketen estereotipoak baztertzea.

f) Herritartzat izatea norberaren burua, kultura askotariko ingurunean, eta balioa ematea bere hizkuntza eta kulturari edota beste hizkuntza eta kulturei; hala, ikasleak, identitate anizkunei erreparatuta, nortasun propio bat eraiki behar du,
modu inklusiboan.

g) Euskal Herriko kulturaren eta historiaren oinarrizko alderdiak eta arte- eta kultura-ondarea ezagutzea, balioestea eta errespetatzea, eta xede horiek betetzea gainerako kultura eta gizarteekiko. Kultura eta sozietateen funtzionamenduko mekanismoak eta balioak aztertzea, batik bat, herritarren eskubideei eta betebeharrei dagozkienak, haiek ikuspegi kritikoz aintzat hartzeko eta haiekiko iritzi eta irizpide pertsonalak izateko.

5.- Pertsona gisa garatzen ikastea:

a) Bizi-ibilbidea gainerako pertsonekin batera eraikitzen duen subjektu autonomotzat ikustea norberaren burua, eta pertsonek ekintzak zer irizpide eta baliori jarraituz egiten dituzten jakitea. Kritikoa eta arduratsua izatea norberaren buruarekin eta gainerako pertsonekin, norberaren garapen osoa, gizartearen garapena eta izadiarekiko oreka lortzeko.

b) Autoestimua eta gaitasun emozionalak lantzea eta horiek adieraztea nortasunaren esparru guztietan eta gainerako pertsonekiko harremanetan; betiere, indarkeria eta aurreiritziak alde batera utzita.

c) Ikasleak modu egokian ikustea bere burua eta bere ezaugarriak eta aukerak, jarduerak autonomiaz eta orekaz egitea, eta balioa ematea helburuak lortzeko esfortzuari eta zailtasunak gainditzen joateari.

6.- Egiten eta ekiten ikastea:

a) Izaera ekintzailea garatzea, norberarenganako konfiantza-jarreren, partaidetzaren, sen kritikoaren eta ekimen pertsonalaren bidez, eta konpromisoa hartzea plangintzak egitea eta erabakiak nahiz ardurak hartzea eskatzen duten proiektuekin.

b) Norberaren jarrerak identifikatzea eta ikasteko nahiz lan egiteko aukeren alderdi onak eta txarrak balioestea, norberaren proiektu akademikoa eta profesionala zehazteko, ikuspegi errealista batetik eta norberaren gaitasun eta balioekin bat etorrita.

 

<<<<<< itzuli