19 - 04 - 2024

Gure historia

Barakaldoko Salestarrak 1897

1897ko abuztuaren 31n, On Ramón Zabalo Bartzelonatik Bilbora iritsi zen. Gaua jesuiten egoitzan pasatu zuen, eta irailaren 1ean Barakaldora joan zen, Luisa Echávarri andreari bisitan. Adinekoa zen andrea eta aspalditik urduri samar zebilen heriotza-ordua hurrean zegoela sentitzen zuelako eta bere ondasunak modurik komenigarrienean atondu nahi zituelako. 

Bere aitor-entzulea jesuita zen, Aita Gomer, eta honi gomendatu zion langileen semeentzako Lanbide-Eskolak eraikitzeko.

Baina nor izango zen Eskola horien Zuzendaritzaren eta funtzionamenduaren arduraduna? Aita Gomer-ek salesiarrengan pentsatu zuen. Bitartean, salesiarrak etorri artean, berak hasi eta zuzendu zituen obra berria eraikitzeko lanak.

Esan bezala, 1897ko irailaren 1ean, goizean, On Ramón Zabalo lehenengoz elkartu zen Luisa Echávarri andrearekin.

Obrak 1897ko urte horretan hasiak ziren, maiatzean. On Ramón Barakaldora iritsi zenean, etxeko ipar eta hegoaldeko hormak lehenengo solairuraraino altxatzen ziren, baina beste bi hormak zimenduetan zeuden oraindik.

Irailaren 2an, On Ramón Zabalok eukaristia ospatu zuen ondoko elizan. Eta hilaren 20an, 10.000 pezeta eman zizkion kontratistari. Diru-kopuru hori On Ramonek funtsak lortzeko, limosnetan batez ere, osatutako Biltzarrak jasotako guztia zen. Eta poltsikoetan txakur txikirik gabe gelditu zen; baina On Boscoren fedea bihotzean, bere apostolu-lana hasi zuen.

Jai-giroko Oratorioa abiarazi zuen, dozena bat haurrekin; dotrina irakasten zien, baita kantu batzuk ere… Errekreorako lokalik ez zegoenez, elizatik etxera bidaltzen zituen. Horrela, ba, San Paulino de Nolako Oratorioa, 1897an sortua, sekula ez zen desagertuko edo kenduko aspaldiko Salesiar Etxe honetatik. Gaur egun ere hortxe dirau pastoralgintzako lan honek. Eta orduan Festa-giroko Oratorioa esaten zitzaiona gaur Astialdiko jardueretan gauzatzen da.

Ramón Zabalo jaunak honela idazten zion beranduxeago On Miguel Ruari, On Boscoren lehenengo ordezkoari: “Etxea langile-herri handi baten erdian dago. Denek egiten dute lan burdinezko meategietan eta lantegian, trenbideetan, nabigazioan… Erraz uler daiteke hainbesteko mugimendua dagoen tokietan haur asko dagoela, gurasoen bizimodu neketsua dela eta haurrek behar bezalako heziketa eta irakatsiak ezin dituztela jaso. Uste dut, ba, horregatik gure obra nagusia Oratoria izango dela”.

1898ko abuztuaren 5ean, salesiar elkartea etxe berrira ailegatu zen: apaiz bi, lagunkide bi eta hiru salesiar gazte.

1899ko urtarrilean, Lehen Irakaskuntzako Eskola hasi zen. Ekimena Udalean sortu zen, hain beharrizan handian zegoen jendeari oinarrizko kultura eman nahi baitzion. Casimiro Arana Arroitia jauna zen orduko alkatea. Udalak 25.000 pezeta eman zituen «etxeko gastuetarako» eta beste 3.000, argia ordaintzeko eta Eskola subentzionatzeko.

barakaldo_patio_2

Alkateak, Carlos Pera jaunak, hauxe esan zuen: “Barakaldoko salesiarren eta Maria Laguntzailearen Alaben etorkizunari dagokionez itxaropenez betea nago; beste urte asko opa dizkiegu lan egiteko eta arrakastak lortzeko, Barakaldoko herriaren alde zerbitzu eta ahalegin bikainak eskaintzeko, eta gure herriaren izenean, zorionak emateko eta esker ona adierazteko gutun honekin batera, adiskidetasunezko besarkada bidaltzen diet”.

Barakaldoko Ikastetxeko Ikasle Ohien artean: Monsinore Marcelino Olaechea, Iruñeko gotzain eta Valentziako artzapezpiku izan zena, Monsinore José Ramón Gurruchaga, Luríneko (Peruko) diozesiko gotzain izan dena eta Valentín de Pablo jauna, Erroman Salesiar Kongregazioaren Kontseilu Nagusiko kide eta Afrikarako Ordezkari izan zena.

.

flickr_2

Ikusi ‘historiaz betetako argazkiak’ Flickr-en.

.