24 - 11 - 2024

LHko. 3. maila: Aste bukaera bat Sukarrietan



  Sukarrietako Zentroa Mundakako itsasadarrean dago, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erdi-erdian. Haurrek, egun batzuetarako, naturarekin harreman zuzenean bizitzeko aukera izan dute.

Alde batetik koloniaren eraikinak daude, eta horiez gain, kirol instalazioak ere badituzte: frontoia, igerilekuak, belarrezko futbol zelaiak, bi polikiroldegi… eta itsasora heltzeko sarbidea.

Nekazaritza eta abeltzaintzari eskainitako gunea ere badaukate: zaldiak, Bizkaiko baserrietan ohikoenak diren animaliak dituen baserri-eskola eta ortua, negutegiak eta fruta-arbolak dituen lurzorua.

Hezkuntza, kirola eta jolasarekin zerikusia daukaten haurrentzako jarduerak antolatzeko instalazio eta inguru paregabeak dira.

Asteburu honetan, Lehen Hezkuntzako 3. mailetako ikasleek Urdaibai inguruneko gizarte eta kultur aberastasuna ezagutzeko eta horretaz gozatzeko hainbat ekintza egin dituzte. Egunetako batean itsasoko kultura jorratu da, eta bestean nekazaritzarekin loturikoa. Hori guztia egonaldiak berez dakartzan bizikidetza eta gozamena ahaztu gabe.